GURE PROGRAMAZIOA


















DIDAKTIKA OROKORRA

- PROGRAMAZIOA -



2017-2018 IKASTURTEA

HAUR HEZKUNTZA

1. MAILA










ZABALA ASUABARRENA, BEÑAT

MURUZABAL GIL, XABIER

OTEGI BARBEITO, AITOR

VÁZQUEZ EGAÑA, UNAI



1.- SARRERA

Gu Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Haur Hezkuntzako gradua egiten ari garen lau ikasle gara, Beñat Zabala, Xabier Muruzabal, Aitor Otegi eta Unai Vázquez hain zuzen ere, eta hau da gure “Didaktika Orokorra” ikasgaian egin behar dugun programazioa.



2.- XEDEA

Gure munduan bizi diren animaliak ezagutu eta beraien inguruan gehiago jakitea. Horrez gain garrantzi handia emango diogu bakoitzaren bizilekua edo gehienbat egoten diren lekua jakitea eta horretarako aste bakoitzean leku bateko animaliak soilik landuko ditugu. Tokiez gain, lehen aipatu dugun bezala, beraien ezaugarriak ere ikasi edo jakitea da gure xedea, hala nola, zer jaten duten, nola jaiotzen diren, zenbat neurtzen duten, zein koloretakoak dauden, etab.



3.- JUSTIFIKAZIOA

Hiru asteko programazio hau 2-3 urteko ikasleei zuzenduta dago eta kurtsoaren bukaeran egiteko planteatu dugu.

Gai hau lantzea erabaki dugu, izan ere oso interesgarria iruditu zaigulako. Bertan ikasleek gustuko duten animaliei buruz informazio gehiago barneratu dezaketelako eta era berean gai ezberdinak landu ditzakegulako animaliekin lotuta; baserrikoak zeintzuk diren, lurrekoak zeintzuk diren, uretakoak zeintzuk diren, non bizi den animali bakoitza, beraien kokapen geografikoa, etab. 



4.- KOKAPENA

Gure ikastolak “XUBA” izena du eta Donostiako Ulia mendian kokatuta dago. Bertan naturarekin hainbat jarduera ezberdin egiteko aukerak ditugu eta hori oso onuragarria da guk landu nahi dugun gaia aurrera eramateko. Gainera, bertatik gertu Maria Cristina parkea eta Aquariuma ditugu, beraz, toki hauek ere aprobetxatu ditzakegu guk landu nahi dugun gaiarekin erlazionaturiko jarduerak eta irteerak egiteko. 


5.- TALDEAREN DESKRIBAPENA

Gure ikastolan 4 kurtso ezberdin ditugu, 4 gela ditugularik kurtso bakoitzeko. Gela bakoitzean 15 ikasle daude. 2-3 urteko kurtsoan 2 irakasle daude gela bakoitzeko eta beste kurtso guztietan, berriz, irakasle bat. Hala ere, kasu batzuetan irakaslea laguntzaile batekin egoten da gelan.


Gure programazioa 2-3 urteko ikasleen mailan landuko dugu, A gelan. Gela honetan bi irakasle daude. 15 haurrez osaturik dagoen gela honetan, 7 gizonezkoak dira eta emakumezkoak, berriz, 8. Ikasleak nahiko lasaiak dira eta ez dute inongo arazorik taldeka eta banaka jarduerak egiteko momentuan, baino batzuk beste batzuk baino atentzio gehiago behar dute.



6.- LAN EGITEN DIREN OINARRIZKO KONPETENTZIAK

Hainbat oinarrizko metodo daude irakaskuntza prozesua aurrera eramateko. Beraien artean bi metodo ezberdintzen dira: Zeharkakoak eta Diziplinakoak. Jarraian, gure proiektuan zehar erabiliko ditugunak azalduko dira. 

6.1.- Zeharkakoak

Zeharkako oinarrizko konpetentziak arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar direnak dira. Gure programazioan, ondorengo zeharkako oinarrizko konpetentziak erabiliko ditugu: 

Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia

Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa erabiliko ditugu haurrekin komunikatzeko eta gure plangintza aurrera eramateko. Hitzezko komunikazioa da gehienbat erabiliko duguna 2-3 urterekin oraindik ez dakitelako irakurtzen. Adin hauetan oso garrantzitsua da komunikazioa, honen bidez beraien nortasuna sortzen eta lantzen dutelako. Gure jarduera aurrera eramateko animalien izenak eta beraien ezaugarriak esanez landuko ditugu. Hitzik gabeko komunikazioan aldiz animalien eta beraien inguruko argazkiak eta beraiek egindako marrazkiak erabiliko ditugu komunikazioaren zati hau lantzeko. Baita gorputz mugimenduak eta animalien soinuak bertan sartuko lirateke.

Komunikazio digitala modu osagarrian erabiliko dugu animalien inguruko abestiak eta pelikulak ipiniz. Komunikazio digitalean hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa sartuko lirateke.

Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia. Ikasi eta ikasteko estrategiak erabiliz haurrak ikasitakoa mobilizatzea eta beste testuinguru eta egoera batzuetara eramango ditugu.

Gure programazioa aurrera eramateko lehendabizi haurrek dakitenarekin hasiko gara jarduera hasteko. Adibidez ea animalien izenak zeintzuk dakizkiten eta ze soinu egiten dituzten galdetuko diegu. Horren ondoren eta egingo ditugun jarduera eta jolasen ondoren beste hainbat animali ikasiko dituzte. Hori ikasteko, ikasteko estrategiak erabiliko ditugu eta estrategia horiek jolasen bidez izango dira.

Ikasi duten hori guztia beste testuinguru batera eramango dugu adibidez baserri batera joango gara bertako animali ezberdinak ikustera. Bertan haurrak ikasteko estrategien bidez dakitena erakutsiko digute.



6.2.- Diziplina-konpetentziak

Beste alde batetik, diziplina-konpetentziak, diziplina-arloren bateko baliabideak erabiliz bizitzako maila pertsonalean, sozialean, akademikoan eta laboralean arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar direnak dira.

Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia: 
Hitzezko eta idatzizko testuak modu egoki baten erabiltzea, hau da, euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean gutxienez, bizitzako hainbat alorretako egoeratan, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz literatura-hezkuntza garatzea. Norberak bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzeko. Diziplina hau erabiliko dugu izan ere animaliak lantzeko garaian hauen ezaugarriak landuko ditugu, ezaugarriak zerrendatuz, ipuinak irakurriz, etab.


Matematikarako konpetentzia:
Jakintza matematikoa aplikatuko dugu gure programazioan zehar, izan ere, bizitzako premiekin zerikusia duten arazoak interpretatzeko, deskribatzeko, azaltzeko eta haiei erantzuteko, arloaren berezko pentsamendu eta adierazpen moduak eta tresnak erabiltzean datza. Guk diziplina hau erabiliko dugu izan ere, animali ezberdinak deskribatzeko garaian matematikak erabiliko ditugulako; txikiak edo handiak diren, luzeak edo motzak diren, zenbat hankak dauzkaten, ze forma, etab. 


Arterako konpetentzia:

Gure programazioan zehar artearen konpetentzia kontuan izango dugu, izan ere, artearen hizkuntzak ezagutzea eta haien kodeak erabiltzean datza konpetentzia hau; mezu artistikoak sortuz eta haien bidez adierazteko eta komunikatzeko, ekimena, irudimena eta sormena erabiltzen duelako. Gure kasuan, jarduera batean landutako animaliak marraztuko ditugunez, konpetentzia hau erabiliko dugu.



7.- EDUKIAK

7.1.- Eduki komunak

Eremu guztiek komunak dituzten oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak. Edukien multzo honetan adierazitako jarrera eta prozeduren xede dira:

Informazioa identifikatu, lortu eta berreskuratzea. Eduki hau gure programazioaren jarduerekin hasteko ezinbestekoa da, jolasekin hasteko beti haurren iritzia edo beraiek dakitena galdetuko zaie. Horretarako beraiek guk aurkeztutakoa edo galdetutakoa identifikatu beharko dute eta ondoren beraiek dakiten hori berreskuratu. Adibidez guk zein animali dakizkiten galdetzerakoan beraiek animalia hitzarekin beraiek beraien garunean dutena azalarazi beharko dute beraien izenak esanez.

Informazioa ulertzea (konparatzea, sailkatzea, sekuentziatzea eta aztertzea), buruz ikastea eta adieraztea (deskribatzea, zehaztea, azaltzea, etab.). Haurrak guk azaldutakoa ulertu beharko dute hainbat jardueren bitartez. Adibidez animalia desberdinak irakatsiz eta ondoren beraiek animali horiek konparatu eta sailkatu egingo dituzte. Animali horiek eta beraien ezaugarriak ikasi ondoren adierazi egin beharko dute deskribatuz edo azalduz.

Informazioa balioestea eta adieraztea (arrazoiak ematea, justifikatzea, etab.). Eduki hau ere landuko dugu naiz eta haurrak adinez txikiak izan. Horretarako galderak egingo dizkiegu gaiaren inguruan eta beraiek dakitena edo beraien ustez egokiena dena arrazoitu beharko dute naiz eta egokiak ez izan. 

Lortutako emaitza komunikatzea. Gelan egindako jarduera eta jolasen ondoren haurrek ikasitakoa komunikatuko dute bai gurasoei eta gertuko pertsonei dakitena erakutsiz.

Beste alde batetik, edukien barnean, bi motatako edukiak ezberdintzen dira; lehen zikloko edukiak eta bigarren zikloko edukiak. Lehenengo zikloko edukiak, ikasleak 0-3 urte bitartekoak direnak dira eta bigarren zikloko edukiak ordea 3-6 urte bitartekoak dira. Gure kasuan gure programazioa 2-3 urte tarteko ikasleei zuzenduta dagoenez, lehenengo ziklora dagokio, beraz, ondorengo edukiak landuko ditugu.


7.2.- Lehen zikloko edukiak

1. MULTZOA. Nortasuna eraikitzea

Zentzumenak gorputza eta kanpo-errealitatea arakatzeko erabiltzea eta, arian-arian, zer sentsazio eta pertzepzio izaten dituen ezagutzea. Eduki hau landuko dugu eskurtsioak egiterakoan adibidez; izan ere, ume bakoitzak errealitatea arakatu egingo du animali ezberdinak aztertuz, hauek sentsazio ezberdinak sentiarazten dutelarik. 


2. MULTZOA. Hartu-emanak gizarte-ingurunean 

Hurbileko gizarte-ingurunearen ezaugarriak eta funtzioak behatzea. Eduki hau landuko dugu izan ere animaliak gaur egun oso integraturik daudelako gure gizartean eta guk hauek aztertu egingo ditugu gure programazioan zehar, eduki hau lantzen dugularik.

Jolasetan parte hartzea eta ekimena izatea, eta, arian-arian, ardura txikiak hartzea eguneroko bizitzan. Gelan parte hartzeko hainbat jarduera ezberdin egingo ditugu, adibidez taldeka animali bat marraztea eduki hau lantzen dugularik.


3. MULTZOA. Hartu-emanak ingurune fisiko eta naturalarekin 

Jolasa erabiltzea ingurune fisikoa esploratzeko. Esanahiak eta ezagutzak eraikitzea, ingurunean ekinez. Gelan hainbat jarduera ezberdin egingo ditugu eta jardueraren amaieran, denon artean ikusi dutena komentatuko dute datu bilketa bat eginaz, edukia lantzen dutelarik.

Naturako elementuak (ura, hondarra eta bestelakoak) eta fenomenoak (euria, haizea eta bestelakoak) behatzeko interesa izatea. Haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen hastea. Gure programazioan eduki hau landuko dugu, izan ere animaliak ikasterako orduan hauek bizi diren ingurunea aztertuko dugu: baserrikoan bizi diren, itsasoan bizi diren, etab. 



8.- JARDUEREN SEKUENTZIA

1. astea

Lehen azaldu dugun bezala lehenengo astean baserriko animaliak lantzen arituko gara. Haurrak oraindik oso txikiak dira eta gaiaren inguruan ez dute asko jakingo horregatik lehenengo klaseetan beraiek zer dakiten aztertu behar dugu. Horretarako, lehendabizi astean zehar zer egingo dugun azalduko genieke eta ondoren gaian pixkanaka barneratzen joango ginateke. Galderak eginez eta beraien artean debateak sortuz, dakitenetik abiatuz gauza berriak pixkanaka ikasten joatea da planteamendu honen muina. Beraien arteko diskusioa guk bideratuko genuke datu berriak sartuz eta datu berriak emanez, modu honetara ikasgai-zerrenda pixkanaka ikasiko lukete.

Lehenengo jarduera bezala, beraiek dagoeneko dakizkiten animaliak marrazten hasiko lirateke, honekin haurrek animalia hauekiko duten kontzeptua guztiz formatu eta finkatuko lukete gainera imajinazioa eta beste kontzeptu garrantzitsu asko landuko lituzkete. Jarduera hau egiteko etxetik materiala ez lukete ekarri beharko dena klasean emango genieke, animalien silueta paperean eta beharrezko margoak eta pinturak. Honetaz gain, paperekin collage moduan ere egin liteke motrizitate fina lantzeko. Hurrengo egunetan animalietan gehiago sakontzen joango ginateke. Bideoekin animalien soinuak imitatzea ariketa polita izango litzateke hasteko. Beste jarduera bat, animaliek zer jaten duten ikasteko, kanpotik irakasleok beraien elikagaiak klasera ekartzea eta haurrei erakustea izan litzateke. Asmakizunak sortzea eta denen artean partekatzea beste aukera polit bat izan litzateke, honekin animaliekiko kontzeptuak landuko lituzkete. Beste egun batean baserriko animaliekin zerikusia duen ipuin bat kontatu genezake, adibidez hiru txerritxoak. Ipuinarekin batera ordenagailuan bideo moduan ikus genezake haurrekin, bideoekin errazago ikasten dutelako haur askok.


Astea eta ikasitako guztia borobiltzeko eta errepasatzeko baserri batera bisita bat egingo genuke haurrekin. Astean zehar eginiko guztia beraien kabuz ikusiko lukete. Etxetik bazkaria eta hamaiketakoa eraman beharko lukete haurrek, horretaz gain ez lukete ezer gehiago beharko. Goizean goiz joango ginateke baserrira bertan ahalik eta denbora gehien pasatzeko. Lehendabizi baserrian bizi den pertsonak baserri bateko egunerokoa kontatuko liguke, zertan datzan lana, zein animalia dituzten, zer ematen dieten jateko… Ondoren animaliei janaria ematera joango ginateke eta beraiek emango liekete jana. Eta azkenik baserritik buelta bat emango genuke alderdi guztiak ikusteko eta bakoitzean zer egiten den ikasteko.




2. astea

Bigarren astearen planteamendua antzekoa izango litzateke baina amaierako jarduera aldatu egingo genuke, basora irteera bat egin ordez gurasoentzat emanaldi bat prestatuko genuke. Aste hau hasteko lehendabizi ostiralean bidalitako etxeko lana begiratuko genuke denean artean. Etxeko lan hau basoko animalia bat pentsatuta ekartzea izango litzateke eta animalia honen inguruko informazioa biltzea ondoren klase kideei azaltzeko. Irakasleak haurrei informazioa borobiltzen lagunduko lieke, horrela dakitenetik abiatuta gauza berriak ikasiko lituzkete.

Hurrengo jarduera gurasoentzako emanaldia prestatzea izango litzateke, zerbait sinplea haurrak dibertitzeko eta gurasoei ikasitakoa erakusteko. Emanaldia musikarekin sortutako dantza bat izango litzateke pauso errazekin haurrentzat erreza izateko. Dantza hau egun bat baino gehiagotan errepasatuko genuke haurrek ondo ikasteko. Dantza hau egiteko haurrek klase batean basoko animalia baten kareta bat margotuko lukete, material guztia guk klasean emango genieke, etxetik ez lukete ezer ekarri beharko.

Azkenik gurasoentzako emanaldia egongo litzateke. Aurretik prestatutako dantza gurasoen aurrean aurkeztuko genuke, horretarako areto bat edo klase berezi bat beharko genuke, horretaz gain aurretik prestatutako karetak ere beharrezkoak izango lirateke.


3. astea

Hirugarren astean uretako animaliak ikastea tokatuko litzaieke haurrei. Beste asteetan egin genuen bezala lehendabizi haurrek zer dakiten jakin behar dugu. Horretarako galderak egiten hasiko ginateke eta elkarrizketa bat sortzen, zein animalia diren beraien gustukoenak, zeintzuk handienak, zeintzuk politenak… Bestalde, aurreko asteetan ikasitako animaliak errepasatzea ez litzateke gaizki egongo.

Animaliak ikasteko, bideoak erabiltzea besteetan bezala metodo egokia izango litzateke eta hauekin dantza edo jarduera bat osatu. Beste jarduera polit bat itsasoko animaliak margotzea eta hauen ondoren mural batean bakoitza bere tokian ondo finkatzea izango litzateke. Honetarako material guztia guk emango genieke haurrei ikastolan. Haurrek honekin sormena eta imajinazioa lantzen dituzte. Bestalde, haurren arteko komunikazioa ere garatzen laguntzen du sortutako elkarrizketekin bezala, animaliak taldekatzen, beraien kokapena adosten…

Ikasitako guztia errepasatzeko lehenengo asteetan egin bezala, irteera bat egingo genuke eta aste honetan Aquariumera joango ginateke haurrekin. Bertan gidari bat edukiko genuke haurrei dena pixka bat gainetik esplikatuko liekeena. Dakizkien animaliez gain, beste animalia desberdin asko ikusiko lituzkete modu honetara beraiek dakitenaz abiatuz, datu berriak ikasiko lituzkete.





9. EBALUAZIOA

9.1.- Adierazleak

Behaketaren bidezko ebaluaketa bat egingo genuke, hau da, haurren garapena nola doan ikusi beharko genuke pixkanaka. Hasieran pentsatutakoa bete den ikusteko egingo genuke hau, horretarako txantiloi bat prestatuta edukiko genuke puntu batzuekin eta aste bukaeran bakoitzaren txantiloia beteko genuke ea helburuak bete diren edo ez.


9.2.- Tresnak

Lehen esan bezala hau aurrera eramateko txantiloi bat prestatua izan beharko genuke. Honetaz gain ez genuke ezer gehiago beharko.

Comentarios

Entradas populares de este blog

GELAKO PROGRAMAZIOAK